Paq Mochila Zerbitzuaren Baldintza Orokorrak

Sociedad Estatal Correos y Telégrafos, S.A. S.M.E. (hemendik aurrera, Correos) enpresaren zerbitzuak kontratatzean, zuk, igorle, honako Baldintza eta Betebehar hauek Correos-ek bidalketa onartzen duenetik aplikatuko dituela onartzen duzu, kontratatutako zerbitzutik eratorritako itunak edota berariazko baldintzak daudenean izan ezik. Correos-ek bere baliabidez baliatuta burutu ahal izango ditu zerbitzuak, edo zerbitzuaren ematea neurri batean azpikontratatu ahal izango du.

Correos-ek honako Baldintza eta Betebehar hauek aldatzeko eskubidea gordeko du. Indarrean dagoen baldintzen bertsioa el Camino con Correos (www.elcaminoconcorreos.com/eu/) webgunean azkena argitaratu dena izango da. Correos-ek bezeroari jakinaraziko dizkio aldaketak gehienez 2 hilabetetako epean.

 

1) Produktua

1.1 Paq Mochila

a. Ezaugarriak: Zerbitzu honetan, Correos-ek bizkar-zorroen edo maleten garraioa egiten du Bideko ostatuen artean. Goizean jasotzen ditu zehaztutako ostatuan, eta 14:30ak baino lehen uzten ditu hurrengo etaparako aukeratu den ostatu, hotel, edo aterpetxean. Horrela, bezeroak Santiago bidea egin dezake ekipajea eraman gabe. Produktuari buruzko informazio gehiago eskura dezakezu hemen: https://www.elcaminoconcorreos.com/eu/motxila-garraioa.

Bizkar-zorroak edo maletak ezin izango du 15 kilo baino gehiago pisatu, eta lekualdaketaren gehienezko ibilbidea 60 kilometro/egunekoa izan beharko da. Bizkar-zorroaren edo maletaren gehienezko neurria luzera, altuera, eta zabalera batuz lortuko da: ez ditu 210 zentimetro baino gehiago izango orokorrean, eta neurririk handiena ezin izango da 120 zentimetro baino gehiagokoa.

 

b. Kontratazioa: Bezeroak Correos-en Paq Mochila zerbitzuaren eskaintza eska dezake 3 modutan: online, helbide elektronikoaren bidez, edo telefonoz.

Paq Mochila zerbitzua honako bide hauetatik kontratatu behar da: online, www.elcaminoconcorreos.com/eu/ webgunean; telefonoz, +34 683 44 00 22 zenbakian; eta posta elektronikoaren bidez, paqmochila@correos.com helbide elektronikoan. Zerbitzua egin eta aurreko egunean, 21:00ak baino lehen, kontratatu beharko da, eta ekipajea bilduko den lekua, entregatuko den herria, izena, helbide elektronikoa, eta harremanetan jartzeko telefonoa zehaztu beharko dira. Bezeroak ekipajea prestatuta utzi beharko du ostatuaren harrera-lekuan bilketa eguneko 08:00ak baino lehen.

Bezeroak Correos-ek bidalketaren edukia garraiatzeko onargarria dela ziurtatzen du, baita bidalketa behar den bezala identifikatuta (ekipajearekin edo bizkar-zorroarekin batera bidali behar den etiketarekin) eta prestatuta dagoela ere, Correos-ek garraio segurua egin dezan arreta handiz mugitzen duenean. Bezeroak haustearen erantzukizunak bere gain hartuko ditu. Halaber, zuzen eta zehatz bete beharko ditu dokumentu guztietan eskatuko diren datuak, igorleari, jasotzaileari, kontratatutako zerbitzuei, eta bidalketaren ezaugarriei dagokienez.

Bilketa bezeroak eskura dituen ostatuen artean aukeratu dituenetan, eta ostatuak bere eskura jarri dituenetan, dauden sarrera-puntuetan egingo da.

Ez dira onartuko ekipajearen kanpotik lotutako edo zintzilikatutako objektuak. Garraiatuko diren gauza guztiak ekipajearen barruan joango dira, behar den bezala paketatuta. Beraz, ez dira onartuko ekipaje-formatua (bizkar-zorroa edo maleta) ez duten, edo lehen zehaztu diren neurriak gainditzen dituzten bizkar-zorroak edo maletak.

Paq Mochila zerbitzuak ez du tokia erreserbatzeko eskubidea ematen bidalketa egiten den ostatuetan. Correos-ek ez du zerikusirik izango ostatuen eta bezeroen arteko harremanarekin.

Paq Mochila zerbitzua kontratatzeko, bezeroak 18 urte baino gehiago izan behar ditu.

Bezeroak, ibilbidean aldaketak egitearen ondorioz, bizkar-zorroaren helmuga aldatzen badu, Correos-i jakinarazi beharko dio telefonoz (aurretik zehaztutako telefono-zenbakian) edo posta elektronikoaren bidez (aurretik zehaztutako helbide elektronikoan), zerbitzua burutuko den eguna eta aurreko egunean, 21:00ak baino lehen. Bezeroak Correos-i jakinarazten ez badio, zehaztutako baldintzetan eta epearen barruan, Correos-ek ez du zerbitzua burutuko. Ordaindu duen zenbatekoa ez zaio itzuliko bezeroari, eta ezin izango du zerbitzuaren truke ordaindutako zenbatekoa itzultzeko erreklamaziorik egin.

Correos-ek ez du inoiz ardura hartuko bizkar-zorroak edo maletak galtzen edo lapurtzen badira bezeroak zehaztutako puntuetan entregatu eta gero.

 

c. Zerbitzuaren funtzionamendua: Hasteko, bezeroak zerbitzua eskatu behar du edozein bideren bitartez (online, posta elektronikoaren bidez, edo telefonoz). Orduan, zerbitzuari ibilbide osoan zehar lotuta egongo den erreserba-kodea sortuko da. Bezeroak www.elcaminoconcorreos.com/eu/ webgunean kontsulta ditzake zerbitzu hau eskuragai dagoen datak.

Correos-ek bizkar-zorroa edo maleta bilduko eta entregatuko du bezeroak aukeratu dituen tokietan, ostatuak errefusatzen badu izan ezik. Bizkar-zorroak edo maletak ostatuen harrera-lekuetan jasotzeko prest egon beharko dira goizeko 08:00etan, eta helmugan entregatuko dira beti 14:30ak baino lehen. Bizkar-zorroak edo maletak jaso eta entregatuko dira bezeroak fisikoki egon behar gabe, eta dokumenturik sinatu behar gabe. Helmugako tokian bizkar-zorroa edo maleta ez badute jaso eta zaindu nahi, Correos telefonoz edo posta elektronikoaren bidez harremanetan jarriko da bezeroarekin, entrega non egingo den adosteko.

 

d. Salneurria eta fakturazioa: Zerbitzuaren salneurri bateratua balioztatuko da 20 kilo baino gutxiagoko bizkar-zorro edo maleta bakarraren bidalketan oinarrituta, 25 kilometro edo gutxiagoko lekualdaketarako etapen artean. Etapa luzeagoa bada, salneurria distantziaren baliokidea den etapa-kopuruarekin proportzionala izango da (hau da, bezeroak 50 kilometroko ibilbidea egin nahi badu egunero, 2 etapa kobratuko zaizkio; 60 kilometro egin nahi baditu, 3 etapa kobratuko zaizkio, salneurria gora biribilduta). Lekualdaketaren gehienezko ibilbidea 60 kilometro/egunekoa izango da.   

Kontratatutako zerbitzuaren azken salneurriak, webgunean agertzen dena, zure kasuan aplikagarria izan daitekeen edozein zeharkako zerga barne dakar.

Santiago de Compostela-ko Correos-eko bulegoa helmuga duten Paq Mochila zerbitzuko erreserbek ez dute kostu gehigarririk izango zaindegian ekipajea biltzean, aurreko etapan Santiago de Compostela-rako lekualdaketa kontratatu diren erreserbak izan ezik. Horiek 2,5€ ekipaje/eguneko salneurria izango dute. Zenbatekoa ekipajea jasotzen denean ordaindu egingo da.

Ordainketa aldez aurretik egin behar da, banku-txartelaren edo PayPal-en bidez. “Banku-transferentziaren” bidez edo “Eskudirutan” ordaindu ahal izango da ordainketa telefonoz edo posta elektronikoaren bitartez adostu bada Paq Mochila-ren Call Center-ean.

Kontratatzean zerbitzua banku-txartela edo PayPal-en bidez ordaintzen bada, Correos-ek faktura oso bat egingo du, eta bezeroari posta elektronikoaren bidez bidaliko zaio. Beste bi ordainketa-modalitateetan (eskudirua edo transferentzia), ordainketaren likidazioa egiten denean Correos-ek, besterik adierazi ezean, faktura sinplifikatuta egingo du, eta bezeroari bakarrik bidaliko zaio eskatzen badu. Bezeroak zerbitzuaren faktura osoa nahi badu, eskatu beharko du +34 683 44 00 22 telefonoan, edo honako helbide elektroniko honetan: paqmochila@correos.com.

Baldintza orokorrak onartzen badituzu, Correos-ek fakturak formatu elektronikoan egiteko baimena izango du.

 

e. Entrega-epea: Maleta edo bizkar-zorroa bilketa egiten den egun berean emango da, 14:30ak baino lehen, helmugako ostatuan.

 

f. Erreklamazioak: Correos-ek ez du ardurarik hartuko objektu edo ekipaje hauskor, baliotsu, edo galkorrengatik, ezta horien barruan desegokiak diren bilgarrietan gorde diren objektuengatik ere.

  • Bezeroak erreklamazioak egiteko eta kalte-ordainak jasotzeko dituen eskubideei dagokienez, zenbateko finkoa ezarriko da: 60 € galtzen bada, eta 30 € hondatzen/apurtzen bada.
  • Erreklamazioa egingo da jarraian zehazten den prozedura jarraituz.

Correos-ek ekipajea berreskuratzeko eskubidea izango du hori ikuskatzeko eta balioztatzeko; beraz, bezeroak eskura izan beharko du hondatutako merkantzia erreklamazioari irtenbidea aurkitu arte.

  • Erabileraren ondorioz gertatutako kalteak (urradurak, urratuak...): ekipajearen erabileraren ondorioz edozein irtenetan kalte edo akatsaren bat gertatzen bada, bezeroak ez du kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango.
  • Correos-i egotzi dakiokeen entregaren 12 ordu baino gehiagotako atzerapena gertatzen bada, bezeroak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du jasandako kaltearengatik; muga garraioaren salneurria izango da.
  • Erreklamazioak egiteko erabakitako prozedura: bezeroak, aurreko edozein arrazoirengatik erreklamazio bat egiteko, honako hau egin beharko du:

 

  • incidence.paqmochila@correos.com helbide elektronikora mezu bat bidali edo +34 683 44 00 22 telefono-zenbakira deitu gertatu dena jakinaraziz eta azalduz, ustekabea jazo eta hurrengo 24 ordutako epean.
  • Lapurreta edo galtzea gertatu bada, gehienez 10 egun naturaletako epean gertakaria jakinarazi denetik hasita, posta elektronikoaren bidez bidali beharko da agintari eskudunaren aurrean aurkeztutako salaketa.
  • Narriadura larria gertatu bada, gehienez 10 egun naturaletako epean erreserba amaitu denetik hasita, posta elektronikoaren bidez bidali beharko dira kaltearen argazkiak eta profesional batek igorritako ekipajearen konponezintasun-ziurtagiria.
  • Galtzeen zein narriadura larrien kasuan, bezeroak EBeko banku-kontu zenbakia, harremanetan jartzeko telefonoa, eta zerga-egoitza eman beharko ditu kalte-ordaina jaso ahal izateko.

 

g. Zerbitzuaren deuseztapena: Bezeroak zerbitzua deuseztatzen badu, jakinarazi beharko du telefonoz, +34 683 44 00 22 zenbakian, edo posta elektronikoaren bidez, paqmochila@correos.com helbidean, gehienez zerbitzua egiten hasi eta aurreko eguneko 21:00ak baino lehen (deuseztapena dohainik).

Zerbitzua egin eta aurreko eguneko 21:00ak igaro ondoren erreserba deuseztatzen bada, ez da dirua itzuliko baina egin ez diren lekualdaketak erabili ahal izango dira denboraldi berean zehar, bezeroak Bidea jarraitu nahi badu zerbitzua deuseztatu zuen tokian berriz hasiz.

 

h. Erantzukizunaren gabetzea: Correos-ek ez du garraioan zehar, eta entregatu arte, gertatzen diren kalteen eta galeren ardura hartuko, ustekabeagatik, ezinbesteagatik, edo gauzen berezko izaera eta akatsengatik gertatzen badira. Bizkar-zorroan edo maletan produktu galkorrak badaude, ez dira kalteak ordainduko horiek galtzen edo hondatzen direnean, bidalketaren entrega bermatutako epearen barruan egin bada. Correos-ek ez du kalterik ordainduko bidalketa Correos-ek mugitzeko baztertu dituen artean badago, hau da, debekatutako edukia duen bidalketa bada, araudi aplikagarriari jarraituz, edo bidalketak garraiatzeko baldintza edo xedapen bereziak baditu. Ez ditu kalteak ordainduko ere zerbaiten ondorioz gertatutako kalteak edo ohiz kanpoko kalteak gertatzen badira, ezta kendutako irabaziak badaude ere, edo bizkar-zorroa/maleta galtzearen, kalte egitearen, gaizki entregatzearen, edo ez entregatzearen ondorioz beste edozein zeharkako galera badago.

 

 

2) Datuen babesa

Datu pertsonalen babesari buruzko araudi aplikagarria betez, jakinarazi nahi dizugu datu pertsonalak Sociedad Estatal Correos y Telégrafos, S.A. (hemendik aurrera, “Correos”), IFK A-83052407 eta egoitza soziala Vía Dublín nº 7 (Campo de las Naciones) 28070 Madril (Espainia) dituena, tratatuko dituela, hemen ezartzen denari jarraituz: Datuen babesari buruzko politika.

 

3) Legedia eta eskumena

Legedia aplikagarria Espainiakoa izango da eta, eskumena, ekipajea onartzen den probintzia-hiriburuaren auzitegi eta epaitegiena.

Zure ekipajearen garraioari buruzko edozein zalantza badaukazu, informazioa eska dezakezu Correos-en edozein bulegotan, +34 683 44 00 22 telefonoan, www.elcaminoconcorreos.com/eu/ webgunean, edo honako helbide elektroniko honetan: paqmochila@correos.com

 

  Zaindegi Zerbitzuaren Baldintxaketa Betebeharrak Arautzen Dituen Araudia

Sociedad Estatal Correos y Telégrafos, S.A. S.M.E. (hemendik aurrera, Correos) enpresaren zerbitzuak kontratatzean, zuk, erabiltzaile, honako Baldintza eta Betebehar hauek Correos-ek ekipajea/fardelak eta antzekoak gordetzeko eta zaintzeko biltzea onartzen duenetik aplikatuko dituela onartzen duzu. Correos-ek bere baliabidez baliatuta burutu ahal izango ditu zerbitzuak, edo zerbitzuaren ematea neurri batean azpikontratatu ahal izango du.

Correos-ek honako Betebehar hauek aldatzeko eskubidea gordeko du. Indarrean dagoen bertsioa “El Camino con Correos” (www.elcaminoconcorreos.com) webgunean azkena argitaratu dena izango da.

 

ZERBITZUAREN DESKRIBAPENA

Correos-eko zaindegi zerbitzuan Correos-ek ekipajeak/fardelak, bizikletak eta makilak (hemendik aurrera, ekipajea/fardela) gorde eta zaindu egiten ditu bere bulegoetan, horretarako zehaztutako ordutegiaren barruan.

Correos-ek ekipajeak/fardelak bere instalazioetan gordeko ditu gordailu-orrian zehazten den epez, zehazki entregatzen den egun eta unetik jasoko den data eta ordura arte.

 

ZAINDEGIAN ONARTUKO DEN EKIPAJEA

Gordailua egiteko momentuan, gordailugileak (gordetegi-zerbitzua eskatzen duenak, alegia) ekipajea/fardela gordetzeko onartzen ez diren moten artean ez dagoela aitortu beharko du. Horiek 3. puntuan zehazten dira. Gainera, Correos-ek ekipajea eskaner batetik pasa dezake aitortutako baldintza betetzen dela baieztatzeko.

Gordailua egiteko unean gordailugileari jakinarazten zaion bulego bakoitzeko biltegiratze-muga kontuan hartuta, gordetegian honako hauek onartu egingo dira: ekipajeak/fardelak, poltsak, bizkar-zorroak, makilak, bizikletak eta antzeko gainerako objektuak. Fardel bakoitza ondo itxi beharko da, eta ezin izango ditu beste fardel batzuk zintzilik izan. Nolanahi ere, Correos-ek ez du fardel bakoitzaren barruan dauden diruaren edo balioa duten eta gorde ezin ez diren objektuen erantzukizunik hartuko.

 

GORDETEGIAN ONARTUKO EZ DEN EKIPAJEA

Ez da gordetegian onartuko:

  1. Material sukoiak edo hondatu daitezkeen eta kiratsa jariatzen duten materialak eramaten dituzten ekipajeak eta fardelak, edo utzitako beste ekipaje/fardel batzuei kalte eragin diezaieketenak.
  2. Dirua, bitxiak, metal bitxiak, laginak, negozio-dokumentuak eta, orokorrean, balio handia duten objektuak.

Egoera txarrean dauden ekipajeak eta fardelak bazter daitezke, eskatzaileak Correos edukiaren egoera txarrari edota narriadurari lotuta dagoen edozein erantzukizunetik gabetu egiten badu, idatziz, izan ezik.

Gordailugileak Correos-i kalteak ordaintzeko eta kalterik gabe mantentzeko beharra izango du, araudi honetan jasotzen denaren haustetik eratortzen den edozein kalteren aurrean.

 

ZAINDEGIA NOIZ IREKIKO DEN

Santiago de Compostela-ko Correos-eko bulegoaren zaindegi-zerbitzua irekita dagoen ordutegia honako hau da:

  • Aste Santutik (barne) urriaren 31ra arte, astelehenetik larunbatera, 08:30etatik 20:30etara. Igandeak eta jaiegunak, 08:30etatik 19:00etara.
  • Azaroaren 1etik Aste Santura arte, astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 20:30etara. Larunbatak, 09:30etatik 13:00etara.

Ordutegia alda daiteke zerbitzuaren beharren arabera.

 

ZAINDEGIAREN ARDURA HARTUKO DUTEN LANGILEAK

Ekipajeak/fardelak gordetzeko eta zaintzeko ardura Correos-eko langileena da. Langileek gordetegiari eta zaindegiari lotutako arauak bete eta betearazi beharra daukate. Langileek gordailuei dagozkien zenbatekoak kobratu, ordainagiriak sinatu, eta eragiketak eta ekintzak burutu ahal izango dituzte, araudi honi jarraituz.

 

EKIPAJE-ZAINDEGIRAKO SARBIDEA ZERBITZUAREN ARRAZOIEN ONDORIOZ

Zaindegian, Correos-eko langilez eta zerbitzuaren kontrolaren eta kudeaketaren arduradunez gain, polizia edo Estatuko edo Tokiko segurtasun-gorputzak sartu ahal izango dira, betiere eskaera idatziz aurkezten bada eta segurtasun arrazoiengatik izaten bada.

 

NOLA KONTRATATU

Zaindegi zerbitzua dagokion Correos-eko bulegoan kontratatu egingo da zuzenean.

Ekipajea/fardela uzteko unean, gordailugileak zaindegiko gordailu-orria bete eta NAN/pasaportea aurkeztu beharko du.

Ekipajeko/fardeleko zenbaki bat esleituko da, eta gordailugile bakoitzari orri bat (ordainagiri bat) emango zaio. Horretan zenbaki bera agertuko da, eta ekipajea jasotzeko unean orria derrigorrez aurkeztu beharko da.

Zaindegi zerbitzuak ekipajea/fardela zainduko du, eta zenbaki bat esleituko zaio. Zerbitzua eskatzen duenak ekipajea uztean ordaindu beharko du tarifa, gordailuaren ordainagiria jaso baino lehen.

 

TARIFAK

Correos enpresak ekipajea/fardelak biltzeko eta zaintzeko tarifak ezarriko ditu. www.elcaminoconcorreos.com zehazten dira. Salneurriak ekipajearen/fardelen motaren araberakoak izango dira, jarraian zehazten den moduan, eta zainketaren denboraren menpean egongo dira.

  • BIZKAR-ZORROAREN/MALETAREN EGUN BATEKO ZAINKETA: 2,5 euro
  • BIZIKLETAREN EGUN BATEKO ZAINKETA: 3 euro
  • MAKILAREN EGUN BATEKO ZAINKETA: Euro 1

Eguna bulegoa irekitze-ordutegian irekita dagoen egun baliodunari dagokio.

Adibide gisa: astelehenaren goizeko 08:30etan uzten den fardela egun bereko 20:30etara arte zaindu egingo da 2,5 euroren truke. Hortik aurrera, bigarren eguntzat joko da.

Itzultzearen unean, zaindegiaren arduradunak ekipajea jasoko duen pertsonak erakusten duen frogagiria bat etortzen dela ziurtatuko du. Frogagiria aurkezten duenak fardelen legezko jabea ez dela uste badu, zaindegiaren arduradunak NANa/pasaportea eska diezaioke eta, hark erakutsi ezean, itzultzea eten egingo da dagokion NANa edo pasaportea erakutsi arte. Nolanahi ere, fardelak zaindegian utziko dira beharrezkoak diren egiaztapenak egin arte.

Itzultzea etena dagoen bitartean, Correos-ek ez dio kostu gehigarririk eskatuko erabiltzaileari.

Correos-eko Paq Mochila zerbitzua erabiltzen duten bezeroek, zerbitzua etapa batean baino gehiagotan kontratatzen badute, zaindegia bilketa-puntu gisa erabili ahal izango dute kostu gehigarririk ordaindu behar gabe. Aldi berean, puntu horretara jo beharko dute zehaztutako egunean eta ordutegian ekipajea jaso ahal izateko. Zerbitzua egun gehiagotan erabili nahi izanez gero, dagozkion tarifetara moldatu beharko dira.

 

JASO EZ DIREN EKIPAJEA/FARDELAK

Gordailua egitean aitortu egin zen bilketaren data eta 30 egun igaro ondoren, eskatu egin ez den ekipajea/fardela baztertutzat joko da, eta gordailugileak diru-itzultzea zein kalte-ordaina eskuratzeko edozein eskubide galduko du. Correos enpresak ekipajea/fardelak eta horietan dagoen edukia suntsitu edota atxiki ahal izango du nahierara.

Bilketaren data eta hurrengo 30 egunetan zehar, ekipajea/fardela Correos-eko bulegoan utziko da.

 

AHAZTU EGIN DEN EKIPAJEA ITZULTZEKO ESKAERA

Ahaztu egin den ekipajearen itzultzea gordailugilearen kontura egongo da guztiz, biltegiratzeko, zaintzeko eta bestelako gastuak barne. Correos-ek ahaztutako objektuak bidali egingo ditu zehaztutako epearen barruan eskatuz gero; orduan, bezeroak bidalketaren gastu guztiak aurreratuko ditu, eta horiek pisuaren, garraiolariaren eta abarraren arabera izango dira.

 

ERANTZUKIZUNA

Correos-ek ez du bere zainketa zuzenaren ardurapean gertatzen diren matxuren eta narriadura naturalen ardurarik hartuko, egotzi ezin zaizkion beste arrazoiengatik edo gordetegian gordetzeari lotuta dauden beste edozein arrazoirengatik gertatzen badira. Correos-ek ez du kalteengatik edo galerengatik, ezinbesteengatik edota gertakari naturalengatik (lurrikarak, uholdeak eta abar) ardurarik hartuko. Correos ez da gordailua egiteko unean gordailugileak aitortu ez dituen edukien narriaduraren edo matxuren erantzulea izango.

 

ARAUDIAREN BETEBEHARRAK ETA BERRIKUSTEAK

Ordainagiria jasotzean, gordailugileak araudi honetan zehazten diren betebehar guztiak onartu egiten ditu. Araudiaren kopia Correos-eko zaindegian eska daiteke. Correos sozietateak jardueraren garapenaren ondorioz sortzen diren egoeren ondorioz araudi hau aldatzeko eskubidea izango du.

 

DATUEN BABESA

Datu pertsonalen babesari buruzko araudi aplikagarria betez, datu pertsonalak Correos-ek tratatuko ditu Datuen babesari buruzko politikari jarraituz.

 

ESKUMENA

Legedia aplikagarria Espainiakoa izango da eta, eskumena, ekipajea onartzen den probintzia-hiriburuaren auzitegi eta epaitegiena.